Abuztuaren 13tik 17ra bitartean Serbiako Pirot hirian ospatu den V.Nazioarteko Folklore jaialdian izan gara aurten. Bertako Dom Culture elkartea da 5 urtez jaialdi hau antolatzeaz arduratzen dena eta aipatzekoa da bai jaialdiaren antolakuntza eta baita jaso dugun harrera ere ezin hobeak izan direla. 4 egunez bertako dantza taldeko kide bat, Aleksandra, izan dugu gida lanetan egunero gurekin eta hari zein hasieratik gure harremanetarako bide izan den zein antolakuntzako buru dela esan genezakeen Baçan-i gure eskerrik beroenak luzatu nahi dizkiegu hemendik.
Jaialdiak iraun duen 4 egunetan, arratsaldero hiriko kaleetan zehar kalejiran eta dantzan ibili gara eta gauero 15 minutu inguruko emanaldi ezberdin bana eskaini dugu parte hartzaileetako bakoitzak, dantza asko prestatu behar izan ditugu beraz. Emanaldi bakoitzean Euskal Herriko txoko ezberdinetako dantzak sartzen saiatu izan gara, hala nola: Txakarrankoa, Makil Handi, Bidarteko makil txikia, Sorgin Dantza, Zuberoako Maskarada, Luzaideko Polkak, Ezpata dantza... 6 talde izan gara guztira: Ukraniarrak, Turkiarrak, Lituaniarrak, Greziarrak, Serbiarrak eta gu. Lehen gaueko emanaldia arraro samarra egin zitzaigun, izan ere, gure dantzak, jantziak etab. horren ezberdinak izanik, hasiera batean jendea geureganatzea kostatzen zela ohartu ginen, jendeak ez zekien ziur noiz txalo egin ere. Baina lehen eguneko kontua soilik izan zen hura. Azkenerako jendartean algarak sortzera ere iritsi ginen, Sorgin Dantzarekin esaterako. Oso giro atsegina izan genuen dantza egiteko eta jendea ere oso harrera berokoa izan da.
Oraindik Europa aldeko turismoak asko ukitu ez duen lurretan ibili gara eta benetan herrialde zoragarria ezagutzeko aukera izan dugu dudarik gabe, bai paisaje aldetik eta baita jendeak edozertarako gurekin izan duen jarrera kontutan hartuta ere. Beti laguntzeko prest zen jendearekin egin dugu topo eta oroitzapen eta sentsazio ezin hobearekin itzuli gara bidaiatik.
Aurtengoan talde txiki xamarra joan garen arren, itxaropentsu gaude, datozen urteetan herrialde berri gehiago ezagutu eta jende gehiago joateko modua izango dugula espero baitugu.














